XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2. BIZIAREN SORRERA GURE PLANETAN

Nola sortu zen bizia gure planetan? Askotan egiten den galdera honi erantzuteko, gu geu Lurraren zuzeneko emaitza garela pentsatu behar dugu: gure sorrera Lurraren hasieran zegoen egoera fisiko eta kimiko batzuei zor baitzaie.

Bizia ingurune likidoan eta gure planetan sortu zen, horretarako egoera egokia zegoelako. Materiaren antolaketa-mailek, bizia Lurrean nola agertu zen islatzen dute, orain ikusiko dugunez.

Leherketa Handia edo Big Bang delakoa izan zen materiaren lehen antolaketa-maila edo partikula azpiatomikoen sorburua. Ondoren partikula hauek atomoak eratu zituzten. Gero atomo batzuek erreakzionatu eta molekulak eratu ziren (gaur egun osagai hauek badira oraindik Unibertsoan, gas kosmiko eta hauts-hodeiak eratuz).

Hauts eta gas-hodei horietako batzuk kondentsatzen hasi ziren eta eguzki-sistemak eratu ziren. Gure eguzki-sistema sortzeko hodeiak, kondentsazioa orain dela 12.000 milioi urte inguru hasi zuen eta gure planetak duela gutxi gora-behera 4.600 urte hartu zuen masa biribil goriaren antza. Milioi bat urte inguru geroago. Lurraren gainazala solidotu egin zen eta gure planetan zegoen iharduera bolkaniko bortitzetik batez ere CO2 (karbono (IV) oxidoa), CH4 (metanoa), NH3 (amoniakoa) eta H2O (ur-lurrina) eratu ziren. Horiez gain neurri apalagoan SH2 (azido sulfidrikoa) eta CO (karbono (II) oxidoa) ere eratu ziren. Gas horiek guztiek osatu zuten garai hartako atmosfera.

Atmosfera hartan zegoen ur-lurrinaren zati bat kondentsatu eta gero lurrera erori zen. Uholde handiak izanda ozeanoak sortu ziren. Bertan ura likido eta tenperatura handian zegoen.

Atmosfera hartan lehen molekula organiko biotikoak eratu ziren, hau da, molekula organiko sinple batzuk, eta uholdeek ozeanoetaraino eraman zituzten. Han, askoz ere geroago, lehen izaki bizidunak sortu ziren. Urrats hori orain dela 3.500 miloi urte inguru gertatu zen eta horretarako oinarrizko hiru baldintza bete behar izan ziren:

1) Behar ziren elementu kimikoak izatea.

2) Ingurune egokia, elementuen arteko erreakzioak errazago gerta zitezen.

3) Erreakzio kimiko horiek gauzatzeko energi iturriak.

Elektrodoak - Ur-lurrina - Deskarga elektrikoak - Huts-ponpara - Hozkailua - Aminoazidoak - Glizina - Alanina - Azido aspartikoa - Azido organikoak - Azido propionikoa - Azido laktikoa - Azido formikoa - IV.6. irudia. Miler-ek egindako saiakuntza.